sábado, 16 de junio de 2012

JAUKO BARIK, BZZB ETA GOXATU!!!


Gogoratzen dut Jauko Barik hirukotea lehen aldiz entzun nuenean. 1999. urteko udako ostirala gau batean, lantegi batean nengoen, makina erraldoi batean aurrean lanean, ondo aspertuta. Bapatean, Radio3 irratian talde euskaldun honen kontzertu oso bat eskeini zuten. Ia ordubetez, Jauko Barik taldearen kantuek gaueko txanda madarikatua erraztu zidaten... Hilabete gutxi batzuk ondoren, jada 2000 urtean, Esan Ozenki zigiluarekin atera zuten beraien lehen disko ederra (sardexka pilo bat zeramana azalean). Honako disko hau bigarren da, "Bizi zure bizitza... eta goxatu", 2002. urtean grabatu eta autoekoiztu omen zuten beraiek, Enara, Itsaso eta Haizeak. Punk rock bitxi ta erakargarria jorratu zuten. Zuzenean pare bat aldiz iksuteko aukera izan nuen, bibolina eta guzti zeramaten. Itzelak beti... Faltan botatzen ditut!!

BZZB ETA GOXATU!! (2002)

1. Trebeldur
2. Nor naiz?
3. Ezin jasan
4. Erraiak
5. Hatsaren zain
6. Txilijoli
7. Gaitza
8. Ihes
9. Hitz mutuak
10. Itsas garrak
11. Amorrua

12. ...ta goxatu
13. Iluntasuna

14. BZZB





Jauko Barik ("besterik gabe", Arratiako esamoldean) 1997. urtean sortu zen, hainbat eta hainbat talderen sorleku izan zen Donostiako Buenavixta etxe okupatuan. Enara Mateo eta Itsaso Gutierrez hasi ziren entseatzen, eta urtebete geroago Haizea Loira batu zitzaien. Hutsetik hasi ziren, musika tresnak jotzeko gaitasunari dagokionez. Itsasok biolin ikasketak zituen, baina apenas menperatzen zuen gitarra. Beste horrenbeste esan daiteke Enara (baxua) eta Haizeari (bateria) buruz. Hiru astez entseatu eta gero eman zuten lehen kontzertua; izan ere, zuzenekoetan disfrutatzen du gehien taldeak. "Zuzenekoak dira gure bidea, gure giltza eta taldea bera gaur egun den horretan bilakatu duena".

Kontzertu horien aurreko edo ondorengo afarietan bildutakoak ziren hirukotearen lehen diskoaren azalean ageri diren sardeskak. Esan Ozenki diskoetxeak kaleratu zuen Jauko Barik (2000), hirukoak lehen maketan agertzen zuen musikaren bat-batekotasun eta lotsagabetasunak erakarrita. Ordurako, 50 kontzertu emanak zituen taldeak, gehienak Euskal Herriko gaztetxeetan, eta ezagutzen zituen emakumez osaturiko taldea izateak ekartzen zituen alde on eta txarrak. "Batetik, tratu ona eskaini digute neskak garelako, gazteak garelako eta ikasteko asko dugulako, baina bestetik musika munduan ere matxista asko dago eta zenbaitetan anplifikadore bat zer den ere jakin ez bazenu bezala tratatzen zaituzte". Madrilen bitan egonak ziren jotzen, Alien aretoan eta Radio 3 irratian, eta, irteera horietan egindako harremanei esker, Madrilen grabatu zuten diskoa, Hamlet taldeko Roberto Galan soinu teknikariarekin, eta Sober taldeko Jorge Escobedo gitarristaren laguntzarekin. Hirukoaren oinarrizko instrumentazioaz gain, biolina eta teklatuak erabili zituzten diskoan. 


"Abesti bakoitza mundu bat da", erantzun ohi zuen taldeak lehen diskoa definitzeko eskatzen ziotenean. Punk, pop, hardcore, metal doinuak batzen zituzten konplexurik gabe, taldekideek entzuten zuten askotariko musikaren eraginez. Hitzetan, berriz, eraso sexistak ("Eraso"), homosexualitatea ("Zer axola"), bakardadea ("Larru"), tristura ("Lurrean") eta bizitza ("Heriotza") zituzten hizpide. "Bizitzak eragindako sentimenduak dira, adierazpen sakonak hitz gutxitan azaltzeko. Pesimistak dira bizi izandakoaren ondorioz".

Lehen diskoak hainbat ate ireki zizkion taldeari, eta gauza asko ikasteko aukera eman ere bai, baina hurrengo lana euren kabuz ateratzea hobetsi zuten hiru taldekideek. Bzzb... eta goxatu bigarren diskoak (Autoekoizpena, 2002) taldearen bat-batekotasunaren indarra erakusten du. Esperientzia berriak ezagutu nahian, 2003ko eta 2004ko udan Europan zehar aritu zen Jauko Barik kontzertuak ematen: Alemania, Suitza, Herbehereak, Frantzia...

2005. urtean, Emakume Martxaren kantua sortzeko enkargua jaso zuen, eta lan horretan parte hartzera gonbidatu zituzten beste zenbait taldetako emakume abeslariak: Nerea Sanchez (Keike), Claire (Izateko), Itziar (Anorexia) eta Aiora Renteria (Zea Mays). Denen artean ondu zuten "Sarbide" kantua. Jauko Barik desegin ostean, Itsaso Gutierrez hainbat taldetan aritu da (Keike, Xarma) eta 2013. urteaz geroztik On hirukotea osatzen du Denis Alberdi eta Ibai Suarezekin batera.


Jauko Barik taldea nahita osatu zenuten neskok bakarrik?

Itsaso - "Ez, lagunak ginen eta horrela suertatu zen. Baina neskak izanagatik ez genuen planteatu ez egiterik ere. Etxean betidanik egin ditut kantuak, eta, nire ametsa musika taldea izatea zenez, lagun bati proposatu nion. Berak ez zuen tresnarik jotzen eta baxua aukeratu zuen. Hirugarren lagunari bateria jo nahi zuen galdetu genion, nahiz hark ere ez zekien jotzen. Garaiotan 18 urte nituen eta orduan amaitu nuen kontserbatorioan biolin karrera. Beraz, 18 urte nituenetik agertokietan nabil. Oso oroitzapen politak ditut Jauko Barik taldearenak. Baina egia da gauza asko uzten dituzula: lagun talde finko bat sakrifikatzen duzu, familiarekin lasai egotea ere bai".

"Jauko Barik taldearekin Europan ibili nintzenean, Suitzan, Alemanian eta Holandan, musikariak eta entzuleak beste jarrera batekin ikusten nituen. Gogoan dut Amsterdamen Ladyfest batean jo genuela. Taldeko kide gehienak emakumeak ziren. Harrigarria zen ikustea publikoaren gehiengoa emakumea zela, jotzen ere berdin, eta ez giro estetiko, seduktore batean, giro natural batean baizik. Han benetako berdintasuna sentitu nuen. Orduan konturatu nintzen Euskal Herrian ez dela gertatzen. Jarrera askoz erreprimituagoa da."


ELKARRIZKETA (Jon Benito, 2005)

—Noiz hasi zineten musikan, nortzuk zarete Jauko Barik?

Jauko Barik taldea duela 7 urte osatu zen, gutxi gorabehera. Haizea, Enara eta hirurok elkartu ginenetik, lokalean orduak sartzen hasi eta hilabetera eman genuen gure lehen zuzenekoa. Hortxe ohartu ginen musikak gure bizitzan duen garrantziaz. Eta handik aurrera ibilbide luze bezain ederra bizitzeko aukera izan dugu. Urte hauetan zehar, ia 200 kontzertu eman ditugu. Zuzeneko taldea garela azpimarratu beharra dago, musika sortzen dugunean, bizitzeko asmoz egiten dugu eta. Zuzenekoetan sortutako gure doinuak indarrez kaleratzen saiatzen gara.

—Bi disko atera dituzue, lehena Esan Ozenkirekin, bigarrena autoproduzituta. Nolako harrera izan zuten?

Kaleratutako bi diskoak, oso bereziak izan dira, bietan helburua bera izan zen arren; egindako lana gorderik uztea, alegia. Batetik, Esan Ozenkirekin grabatu genuen lehen disko hark ate berri ugari ireki eta gauza berri asko ikasteko aukera eskaini zigun. Bestetik, gure lana geure kaxa ateratzeko irrikaz autoekoizpenaren apustuari eutsi eta bigarren CDa kaleratu genuen; BZZB...TA GOXATU izenekoa. Geure bat-batekotasunaren eta uneko indarraren isla da azken lan hauxe.

—Munduko emakumeen martxaren kantua ere idatzi zenuten. Nolako esperientzia izan zen?

Aurtengo udaberrian Euskal Herrian barrena abiaturiko Emakume Martxaren kanta egiteko aukera eskaini zigutenean, pozez hartu genuen ardura. Abestia sortu ez ezik, abeslariak hautatu eta proposatzeko ardura ere gure gain hartu genuen. Azkenean, honako abeslariak izan genituen laguntzaile: Keikeko Nerea, Izateko Claire, Anorexiako Itziar eta Zea Mayseko Aiora. Hainbat buru hainbat ahots, abestian bertan islatu bezala. Horixe bera izan zen asmoa, askotariko ahotsen bitartez askotariko emakume abeslariak aldarrikatzea.

—Atzerrian jotzeko aukera ere izan duzue. Zer moduz?

Bizipen berrien premian, Jauko Barik, Europan zehar abiatu ginen 2003 eta 2004eko udan; Alemania, Suitza, Holanda eta Frantziako hainbat tokitara hurbildu ginen. Izugarria izan zen!
Aurtengo udan, aldiz, Euskal Herriko txokoetara hurbiltzeko eta bertan jotzen aritzeko irrikaz abiatu dugu. Gaurko portua, Azken Portu.

—Nolakoak izaten dira zuen zuzenekoak...

Berezko nortasuna dutenak, eta apurka-apurka bizipenez eta oroitzapenez hornitzen doana.
Zuzenekoak dira gure bidea, gure giltza eta taldea bera gaur egun den horretan bilakatu duena.
Horregatik, gure gonbidapen apalena zabaltzen dugu bertara hurbildu eta musika doinuak gurekin batera goxa ditzazuen...

No hay comentarios:

Publicar un comentario