viernes, 15 de julio de 2016

PASO DEL NOROESTE


Atzo irakurri nuen Scott Chantler jaunaren komiki dotore hau. Kanada aldean kokatzen da bere historia, 1755. urtean. Garai hartan, Frantzia eta Ingalaterra elkarren artean lehian zebiltzan Amerikako kolonietako lur berriak eta merkataritza dena kontrolpean izateko (noski, bertako indiar herrien gainetik bortizki pasatuz). Charles Lord izeneko tipoa da komikiaren protagonista. Honek, bere gaztetasunean, Ipar Mendebaldeko Pasarte mitikoa bilatzen aritu zen, hau da, Europa eta Asia itsasoz elkartzeko pasarte famatua (Atlantiko ozeanotik abiatuta, Kanadako iparraldeko izotz lurraldeak zeharkatzen zuena). Baina, azkenean, Charles indiar emakume batekin ezkondu zen eta ingeles konpainia haundi baten arduraduna bilakatu, indiarrei larruak erosiz edota europar ehiztari zurien tratu ilunak zuzenduz. Egun batean, arduradun berri bat bidaliko dute Europatik gure Charles Lord zaharra ordezkatzeko. Ezustean, frantziar soldadu matxino batzuk arduradun berria bahitu eta ingelesen postuak erasotuko dituzte gogorki, sekulako nahasmena piztuz Kanadako zonalde osoan...

"Northwest passage" (euskaraz "Ipar Mendebaldeko Pasartea") oso komiki bizi bizia da, 276 orrialde luze ditu, baina aparta denak, indioz, tiroz eta abenturaz gainezka. Istorioa amaitzen den garaian, oso denbora gutxira, Franko Indiar Gerratea hasi zen Ipar Ameriketako lur haietan. Honela, ingeles armadakoek frantziarrak garaitzeak, gaur egungo Kanada estatuaren jaiotza ekarri zuen (Quebec aldeko eremu frankofono osoa barne). Scott Chantler jaunak adierazi duenez, bere komikiaren pertsonaiek jarraipena izango dute etorriko diren lan berrietan... Adi egon!!!


No hay comentarios:

Publicar un comentario