martes, 22 de diciembre de 2015

EiTB, INOIZ BAINO OKERRAGO (1991 / 2015)



MANU CASTILLA.  Euskal Telebistako ikerketa eta komunikazio sailburu ohia. 

ARGIA aldizkaria (1991)

"Azken datuen arabera, milioi bat ikusle ditu Euskal Telebistak. Gutxi gora behera, ETB-2ren hartzailegoak ETB-1ena bikoiztu egiten du, milioi horretatik, 350.000 inguru ETB-1entzat eta 650.000 ETB-2rentzat dira. Horrek ez du esan nahi beste kate batzuk ikusten ez dituztenik, baina, behintzat, sartzen dira ETB ikusten. Share-ko datuak harturik, ikusten dugu, ETBk %30a lortu duela, gainontzekoa, TVE eta kate pribatuen artean banatzen da. 1990 urtean, kate pribatuek lortu duten sharerik handiena %8 ingurukoa da. Arrakasta gehien eduki duenak, Telecinco, ez du ETB-1 gainditu. Edozein momentutan, telebista ikusten dauden ehun pertsona hartuz gero, horietatik 30 pertsona ETB ikusten ari dira (10 pertsonek ETB-1 eta beste 20 pertsonek ETB-2)".

"1991 urtean, ETBko kateen hartzailegoaren soslaia honelakoa izan da, ETB-1 katearena pertsona gazteago batena eta ETB-2n helduagoa, ETB-1en gizonezko gehiago dira eta ETB-2n emakumezkoak. Bataz beste, ETB-1eko ikusleek ETB-2koak baino maila kultural handiagoa dute. Hau euskararekin lotuta dago, euskara dakien jendea hartuta, maila kultural handiagokoa da ta. ETB-1koak ikasketa unibertsitarioak edo erdi mailakoak dituzte, ETB-2koak baino ikasketa gehiago".

"ETB-1 eta ETB-2ko programazioak ez diote elkarri egiten konpetentzia, jende bera daukaten bi telebista dira. Telebista batek ere ez dauka berea erabat den ikuslerik, telebista guztien arteko erlazio bat izaten da, eta ETB-1 eta ETB-2ren artekoa gehiago. Ez dago lehiarik bien artean, dagoena da aurrekontu orokor bat eta biek hortik jaten dutela. Programazio mailan, ETBko funtsezko erizpidea da bien artean konpetentziarik inoiz ez egotea. Ezin da bietan antzerako programarik atera. Batean futbola baduzu, bestean pelikula beharko du. ETB-1eko programazioak aurrekontu handiagoa du, ordu gehiago, lehentasun batzu... Ezagutzen dugu oreka nolakoa den eta gutxien duenari gehien lagundu behar zaio". (2015 urtean bezalaxe, jajaja... Sinestezina!!)

"ETB-1 da euskarazko telebista bakarra, beraz ezin du utzi sail bat bera ere jorratu gabe, eta ez bakarrik ikusleak denetarik ikus dezan, baita hizkuntza jorratu egin behar delako bere alor guztietan. Edozein telebista nazionalek duen programazio orekatua eduki behar du. Euskal Herrian, bataz beste, hiritar bakoitzak hiru ordu ematen ditu egunero telebista aurrean. Lortu behar behar da denbora horretatik gero eta gehiago euskaraz ikustea. Horretarako bi bide daude: ETB-1 gehiago ikustea eta beste telebistek ere euskarazko programak egitea, baina bide hori agortuta dagoela dirudienez besteari heldu behar zaio. Euskarak presentzia soziala behar du, eta euskaraz ez dakien pertsona batek normalean ez du erosiko Argia edo Egunkaria, oso zaila izango zaio Euskadi Irratia entzutea, baina telebista bai. Medio egokiena da hori lortzeko. Larunbat arratsaldean edozein tabernatara sartzen zarenean eta han euskara egotea hori on da. Herri honetan jendeak futbola ikusteko euskaraz ikusi behar duela jakitea, sinbolikoki oso garrantzitsua iruditzen zait. CIESeko azken datuen arabera ETB-1eko ikusleetatik bostetik batek ez daki euskaraz. Orduan, ahalik eta modu errezenean eskaini behar da, bai hizkuntzaz eta bai irudiz". (2015 urtean bezalaxe, jajaja...)

"Gaur egun, ETB-2k bost edota sei programa klabe eduki izan ez balitu, oso jende gutxik piztuko luke telebista hori. Bospasei programa horiek lortzen dute ez bakarrik horiek ikustea baizik eta beste programa batzutara eramatea. Beldurra ematen dit egun batean ETB-1 marginatua gelditzea, oso ikusle gutxirekin. Baina berdin ETB-2 balitz. ETB-2k badu informazioaren mundua, eta nahiz eta erdarazkoa izan bertako ikuspegitik egina dago. Dena den, jendeak galdetuz gero esaten du gehien ikusten duena informatiboak direla baina hori gezurra da, gero ikusten duzu errealitatean oso atzean geratzen dela. TVE kasuan ez dute sartzen beren aurreneko hamar programen artean ezta informatibo bat ere. ETB-2ren kasuan Teleberri sartzen da. Dena den gero eta saio erakargarriagoak egin behar dira, bestela marginazioaren arriskua dago. Kezkatzen gaituena da askotan ETB2ren irudia J.L.Morenoren "Entre amigos" saioaren inguruan gauzatzen dela eta, iaz, ETB-2 kateak 2200 ordu igorri zituen eta J.L.Morenok horietatik 80 egin ditu. Jende asko gauza ugari egiten ari da eta askotan ETB-2ri buruz hitz egitean Moreno ez bada aipatzen, badirudi, ez dela ETB-2 kateaz hitz egiten. Nere kezka da telebista bat egitea eta jendearekin komunikaziorik ez lortzea. Eta horretarako programazio ona behar da bere osotasunean." 

http://www.argia.eus/argia-astekaria/1324/ikuslearentzat-etb-da-onena-baina-tve-piztu-arazten-du/inprimatu

No hay comentarios:

Publicar un comentario